Sarrera
Arabako Foru Aldundian “Arabako Hiri Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako 2017-2030 bitarteko Plana” garatzen ari gara. Izena laburtzearren, honela deitu diogu: HHPa2030araba
Hauxe da HHPa2030araba prestatzeko lanetan herritarrek parte har dezaten berariaz sortu den webgunea.
Arabako udalerri batean bizi bazara, Planak eragin egiten dizu. Orri honen bidez unean uneko informazioa emango dizugu Plana prestatzeko lanetan egiten diren urratsei buruz, eta planari buruzko zeure iritziak, proposamenak eta ideiak bidaltzeko ere eskatu nahi dizugu.
Zure iritziak ardura digu. Zure iritziak ardura du. Zure ideien beharra dugu. Eskerrik asko parte hartzeagatik
Maiz egiten diren galderak
Planari buruzko galdera asko edukiko dituzu, ezta? Hemen eskaintzen dizkizugu maizen egiten diren galderen erantzunak. Beste edozein galdera badaukazu, harremanetarako postontziaren bitartez bidal dezakezu.
Zer dira hiri hondakinak?
Etxeko zaborren legezko definizioa
«Etxeko zaborrak»: etxeko jardueren ondorioz etxeetan sortzen diren hondakinak. Halaber, etxeko zabortzat jotzen dira zerbitzuetan eta industrietan sortzen diren eta aurretik aipatutakoen antzekoak diren hondakinak.
Kategoria horretan sartzen dira, gainera, etxeetan sortzen diren hondakin hauek: tresna elektriko eta elektronikoen, arropen, pilen, metagailuen, altzarien eta tresnen hondakinak; etxeko eraikuntza eta konponketa lan txikietan sortzen diren obra hondakinak ere multzo berean sartzen dira.
Etxeko zabortzat joko dira bide publiko, berdegune, aisiagune eta hondartzak garbitzeko lanetan biltzen diren hondakinak, bai eta etxeko animalia hilak eta bertan behera utzitako ibilgailuak ere.
Arau osoa ikusi nahi baduzu, eskuragarri dago dokumentuen atalean.
Seguru asko definizio hori aldatu egingo da laster, zenbait ñabardura egiten dituen Europako zuzentarau baten zirriborroa egin baita. Adibidez, etorkizuneko definiziotik kanpo utziko dira etxeko lan txikietako obra hondakinak, ziur asko. Baina, aurreikusita dagoenez Plana zuzentarau berria baino lehenago onartzea, oraingoz abiapuntutzat hartu behar dugu egungo definizioa. Bihar-etzi, arauetan aldaketak egin ahala, Plana berrikusten eta moldatzen joan beharko da.
Zergatik diogu Planak eragiten dizula?
Zenbat hondakin sortzen dugun, zer motatako hondakinak sortzen ditugun eta, batez ere, nola bereizten ditugun eta nola jartzen ditugun bilketa zerbitzu publikoen esku: faktore horiexen mende egongo da Planaren arrakasta.
Eta hori guztia, funtsean, gure kontsumo ohituren eta ingurumenari buruzko gure informazio eta kontzientziazio mailaren araberakoa da (oinarrizko alderdiak dira, eta Planean horiek ere kontuan hartu dira).
Ekonomia aldetik ere Planak eragin egiten dizu, hondakinen kudeaketak kostu oso handia duelako. Indarra duten arauak hitzez hitz aplikatuko balira, hondakinak sortzen ditugun herritarrok ordaindu beharko genuke kostu hori oso-osorik. Oraindik ez da horrela, zaborraren kudeaketagatik ordaintzen ditugun tasek kudeaketaren kostu osoaren zati bat baino ez baitute estaltzen.
Eta Planak eragin egiten dizu, azkenik, hondakinen kudeaketak (kudeaketa txarrak, bereziki) ondorio kaltegarriak ekar ditzakeelako (itxura zantarra, usainak, emisioak, isuriak eta abar), bai erabiltzen duzun espazio publikoan (irudia, kalitatea eta abar), bai bizi zaren ingurumenean (arnasten duzun airea, erabiltzen duzun ura eta abar) eta, horrenbestez, zure osasunean.
Zenbat hiri hondakin sortzen ditugu arabarrok?
Hondakinen sorrerari buruzko datu zehatzak ikusi nahi badituzu, begiratu hiri hondakinen inbentario osoa, Hondakinen Behatokiaren txostenean. Webgune honetako dokumentuen atalean argitaratu dugu.
Zertan datza Plana?

Lehenengo elementua (multzo urdina) Planaren dokumentua bera da; horren gutxieneko edukiak hondakinei buruzko araudian ezarrita daude. Planak justifikatu eta azaldu egin behar du zeintzuk diren hurrengo urteetan hondakinen kudeaketa egokia lortzeko jarriko diren neurriak; tartean, kronograma baloratu bat, argi erakutsiko duena zer egin behar den, noiz egingo den, zenbat kostako den eta nola ordainduko den.
Parte hartzearen bidez prestatzen da Plana (multzo horia), kontsulta eginez herritarrei (horretarako dago webgune hau) eta alderdi interesdunei (erakunde, GKE, enpresa, elkarte, unibertsitate, teknologia zentro eta abarrekoak, elkarrizketa, lantegi, foro eta horrelakoen bidez kontsulta egiten zaienak).
Planari erantsita, ingurumen azterlan estrategikoa dago (multzo berdea); horren edukia ere araudian ezarrita dago. Azterlan horretan deskribatzen da nola eragiten dien Planak ingurumenari eta osasunari, eta zeintzuk ingurumen neurri ezarri behar diren, eragin hori negatiboa bada, ahalik eta leunena izan dadin.
Planaren lehenengo zirriborroa prestatu eta gero, izapideak hasten dira. Izapide horietan zehar ere parte hartzeko eta kontsultak egiteko prozesua betetzen da, arauz ezarrita dagoena (multzo marroia)
Nola egiten ari da Plana?
Lan mahaietan biltzen gara, aldian behin deituta. Bi motatako mahaiak daude:
• Mahai teknikoak. Horietan biltzen dira goian aipatutako erakundeetako lantalde teknikoak, era guztietako gai teknikoak eztabaidatzeko. Batez ere, Planeko programei eta jarduketei lotutako gaiak dira.
• Erakundearteko mahaiak. Horietan eztabaidatzen dira Planaren alderdi estrategikoak, babes eta konpromiso politikoaren beharra dutenak (gobernamendu eredua, eskumenak, azpiegiturak, finantzaketa, zergak eta abar).
Berrien atalean eskura daukazu lan mahaien deialdi guztiei buruzko eta bakoitzean jorratutako gaiei buruzko informazioa.
Lan mahaietako kideek eskura edukitzen dituzte parte hartzeko prozesuen emaitzak, azken horiek sortu ahala. Dokumentuen orrian zuk zeuk ere aukera izango duzu parte hartzeko prozesuen emaitzen aldian behingo laburpenak kontsultatzeko.
Nor da nor Plana egiteko lanetan?
Arabako Foru Aldundia ari da Plana garatzeko lanetan, hiri hondakinen arloan eskumenak dituzten Arabako gainerako toki erakundeak lankide dituela, hala nola Arabako udalak eta kuadrillak. Zehazki, Gasteizko Udalak, duen pisu espezifikoa dela eta, bere kabuz parte hartzen du, hau da, banako gisa parte hartzen du, eta gainerako udalek, berriz, biltzen dituzten kuadrillen bitartez parte hartzen dute.
Jarraian xehetasun gehiago emango dizkizugu, Plana prestatzearekin zerikusia duten eskumenak eta eginkizunak direla eta.
Arabako Foru Aldundia

Arabako Foru Aldundia da Plana garatzeko ardura duen erakundea, indarra duen araudiak eskumen hori esleitzen digulako. Hain zuzen ere, 3/1998 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duenak, honako hau dio:
Lurralde historikoetako foru organoei hiri hondakinen arloan esleitu zaizkien eskumenak
Hiriko hondakin solidoen arloan, lurralde historikoetako foru organoei dagozkie ondoko eskumenak:
a) Lurralde historiko bakoitzean hiriko hondakin solidoen esparru plangintza beren foru planen bidez garatzekoa.
b) Lurralde historiko bakoitzeko esparruan udal jarduerak koordinatzekoa, arlo honetan zerbitzuak era osatuan betetzearren.
c) Hondakinak kudeatzeko udalaz gaindiko azpiegiturak bultzatzekoa.
3/1998 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duena. 74. artikulua
Arau osoa ikusi nahi baduzu, eskuragarri dago dokumentuen atalean.
Orain prestatzen ari garen plan honek jarraipena ematen dio Arabako Lurralde Historikoko Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2006-2016 aldirako Planari. Batzar Nagusiek 5/2007 Foru Arauaren bidez onartu zuten plan hori.
Gasteizko Udala

Gasteizko Udalaren ardura da hiri hondakinak biltzeko zerbitzua egitea Arabako hiriburua den udalerrian. Lau arabarretik hiru Gasteizen bizi dira, eta bertan sortzen dira Planak barruan hartzen dituen hondakinen % 70.
Beste alde batetik, Gasteizko udalerriaren barruan daude kokatuta Araban orain arte hiri hondakinak kudeatzeko eraiki diren azpiegitura nagusiak. Honako hauek dira: Gardelegiko hondakindegia, tratamendu mekaniko-biologikorako Jundizko instalazioa (Arabako Biokonposta), eta bilgarrien instalazioa. Hiru azpiegitura horietatik lehenengo biak Udalak berak kudeatzen ditu, eta hirugarrena, berriz, Aldundiak kudeatzen du.
Garai batean, Gasteizko Udalak berak egiten zuen bere plangintza, udalerrian sortzen ziren hiri hondakinak kudeatzeko (Gasteizko udalerriko hondakinak kudeatzeko 2008-2016 bitarteko Plan Integrala). Baina aurrerantzean, Arabako Lurralde Historikoko Hiri Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako 2017-2030 bitarteko Plana prestatzen ari den lantaldeko kide izango da Gasteizko Udala.
Gasteizko udalerrian bizi bazara eta Arabako Hiri Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako 2017-2030 bitarteko Plana prestatzen parte hartu nahi baduzu, webgune hau erabili ahal izango duzu edo, bestela, Gasteizko Udalaren webgunea (Europar Batasuneko Green Capital izendapena dauka), herritarrek parte hartzeko bere bide propioak baititu.
Arabako kuadrillak
Gaur egun dauden 7 kuadrillak honako hauek dira: AÑANA, ARABAKO LAUTADA, AIARA, KANPEZU – ARABAKO MENDIALDEA, GORBEIALDEKO KUADRILLA, GUARDIA – ARABAKO ERRIOXA eta GASTEIZ.
Kuadrillen eginkizuna da, besteak beste, hiri hondakinen kudeaketari dagozkion eskualdeko zerbitzuak administratzea.
Arabako Lurralde Historikoko biztanleriaren banaketa kuadrillen artean (2015)
Kuadrillak | Udalerriak | Biztanleak | |
AÑANA | ![]() |
AÑANA; ARMIÑÓN; BERANTEVILLA; IRUÑA OKA; KUARTANGO; LANTARÓN; ERRIBERAGOITIA; ERRIBERABEITIA; GAUBEA; ZAMBRANA | 8.985 |
ARABAKO LAUTADA | ![]() |
AGURAIN; DULANTZI; ASPARRENA; BARRUNDIA; BURGELU; IRURAIZ-GAUNA; DONEMILIAGA; ZALDUONDO | 12.465 |
AIARA | ![]() |
AMURRIO; ARTZINIEGA; AIARA; LAUDIO; OKONDO | 34.515 |
KANPEZU – ARABAKO MENDIALDEA | ![]() |
ARRAIA-MAEZTU; BERNEDO; KANPEZU; LAGRÁN; URIZAHARRA; HARANA | 2.984 |
GORBEIALDEKO KUADRILLA | ![]() |
ARAMAIO; ARRATZUA-UBARRUNDIA; LEGUTIO; URKABUSTAIZ; ZIGOITIA; ZUIA | 9.701 |
GUARDIA – ARABAKO ERRIOXA | ![]() |
MAÑUETA; ELCIEGO; BILAR; KRIPAN; BASTIDA; LAGUARDIA; LANTZIEGO; LAPUEBLA DE LABARCA; LEZA; MOREDA ARABA; NAVARIDAS; OION; SAMANIEGO; ESKUERNAGA; IEKORA | 11.538 |
VITORIA-GASTEIZ | ![]() |
GASTEIZ | 245.036 |
Guztira | Arabako Lurralde Historikoa | 323.648 |